Noraezean

2020ko urtarrilaren 31ean EHU-ko Haur Hezkuntzako bigarren mailako ikasleak Tabakalerara joan ginen jarduera bat egitera. Bertan, lehenengo azalpen orokor bat eman ziguten artea eta hezkuntza uztartu daitezkeela adieraziz. Egia esan, nahiz eta sakontasun gutxi izan, zati hau interesgarria iruditu zitzaigun, hezkuntzan eta hezkuntzarekin artea egin daitekeela egiaztatu eta proiektu politak egin daitezkeela ikusi genuelako.

Bigarren zatian, arte garaikideko erakusketa bat ikusi genuen. Bertan, denak oso galduta aurkitu ginen; segur aski artearekin harreman zuzena ez izateak gure ikuspegia baldintzatu zuen. Gainera, bisita oso azkarra izan zela iruditu zitzaigun. Orokorrean gure taldekideek, ez genuen aniztasunarekin, inklusioarekin edota hezkuntzarekin loturarik aurkitu, baina eman zizkiguten azalpenei esker, inklusioarekin bat egiten ez duten jarrerak guk gustoko ez dugun arte mota baten bidez adierazten dituztela ulertzera iritsi ginen. Esan beharra dugu, erakusketa orokorrean ez zitzaigula erakargarria iruditu, hau da, inguru hotza, iluna, ulertu ez genuen antolaketa batekin eta gaia zein zen jakin arren, artelanen arteko lotura ikusteko zailtasunekin. Bestalde, ez genuen erlaziorik ikusi guk egin behar dugun proiektuarekin eta ez zitzaigun lagungarria iruditu bertan txertatzeko.

Amaitzeko, gure haurtzaroko argazkiekin azkeneko jarduera bat burutu genuen. Lehenik eta behin, argazkiaren deskribapen zehatz bat idatzi genuen taldekide bakoitzak eta ondoren taldeari azaldu genion. Ostera, horrekin egin genezakeenaren ideia batzuk iradoki zizkigun Tabakalerako profesionalak eta hor berriro galduta sentitu ginen. Izan ere, gure helburua egoera erreal bat modu artistikoan azalduz, ikusle guztiek mezu berdina jasotzea da, baina berak emandako tresnekin uste dugu hori lortzea ez dela posible. Era berean, ez dugu nahi dokumentalaren aurrean jendea indiferentzia sentitzea eta bakoitzak nahi duena interpretatzea. Zera da, bakoitzari sentiarazten diona sentiarazten diola mezu zehatz bat plazaratu nahi dugu: genero indarkeria dagoen etxeetan, haurrak ere bizitzen du indarkeria, baina arrazoi ezberdinengatik haurraren egoera ikusezina bihurtzen dela.

Horregatik guztiagatik, gure iritziz irudi batetik eta egoera pertsonaletatik kontakizun bat eraiki dezakegu eta hau gainera era artistiko batean aurkeztu, baina aurkezpena argiagoa eta zehatzagoa izan behar dugula pentsatzen dugu, ikusle orok guk adierazi nahi duguna ulertzea delako taldea osatzen dugunon jomuga.

Guztiona © Todos los derechos reservados 2020
Creado con Webnode
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar